 |
 |
 |
Jarduera esparruak |
 |
 |
|
 |
 |
 |
 |
Zerbitzuak |
|
|
 |
 |
 |
 |
SPRI |
|
|
 |
|
|
|
|
 |
| BERRIA |
 |
Sprilur-ek nazioarteko topaketa bat antolatu du Bilbon, Hirigintzako Plangintzan eta enpresa eremuen kudeaketan izandako esperientzia berritzaileak aztertzeko
SPRI / Astelehena, 2008eko Maiatzak 5
- Nazioarteko adituek hirigintzako plangintzan, lurzoruaren politiketan eta garapen iraunkorrean egiten diren jarduera berritzaileenak aztertuko dituzte PROINLAND 08-n.
- Nazioarteko topaketa Bilboko Euskalduna Jauregian egingo da gaur eta bihar. Bertan, jarduera ekonomikoetarako eremuen garapenean eta kudeaketan izandako esperientziak partekatuko dira.
- Jarduera Ekonomikoetarako Lurzoruaren Sustapen eta Kudeaketaren II. Topaketa izango da. Aurten, berrikuntza izango da topaketaren gai nagusia.
- Hizlarien artean: Josep Miquel Piqué, 22@Barcelona-ren aholkulari delegatua; Gareth Hall, Londres 2012 Joko Olinpikoen Batzorde Antolatzailearen ordezkaria Galesen, eta Elise Lusseaud, Bordeleko Hirigintzako Plangintza eta Kudeaketa Zuzendaritzaren arkitektoa.
- Sprilur euskal sozietatea Spri Taldearen barruan dago eta industri lurzorua sustatu eta kudeatzea du helburu.
Nola berritu industri eremuetan? Sprilur euskal sozietatea Spri Taldearen barruan dago eta bere xedea da industri lurzorua sustatu eta kudeatzea. Sozietate honek PROINLAND 08, hots, jarduera ekonomikoak hedatzeko Lurzoruaren Sustapen eta Kudeaketaren Nazioarteko II. Topaketa, antolatuko du Bilboko Euskalduna Jauregian, gaur eta bihar. Topaketaren gai nagusia berrikuntza izango da. Hizlarien artean: Josep Miquel Piqué, 22@Barcelona-ren aholkularia; Gareth Hall, Welsh Assambly Government (UK) batzordeko ekonomi eta garraio zuzendaria eta egun, Londres 2012 Joko Olinpikoen Batzorde Antolatzailearen ordezkaria Galesen, edo Elise Lusseaud, Bordeleko Hirigintzako Plangintza eta Kudeaketa Zuzendaritzaren arkitektoa.
Topaketan enpresa eredu berriak bilatzen dituzten hainbat profesional elkartuko dira. Eredu berriak ondorengo hiru ardatzetan oinarritzen dira: etorkizuneko espazioak, berritzaileak eta iraunkorrak. Topaketaren xedea da profesionalen gaitasunak hobetzea esperientziak eta nazioarteko jarduera egoki eta berritzaileak trukatuz. Jorratuko diren gaien artean: hirigintza eta arkitekturaren ikuspuntu berriak; industri eremuen birsailkapena eta birsorkuntza; kudeaketa ereduak nazioarteratzea-kanporatzea; enpresa eremuen sustapena eta kudeaketa egiteko aplikazio iraunkorrak, etab. Batzarraren beste helburu bat: nazioarteko jarduera ekonomikoetarako eremuak garatuko dituzten kudeatzaileen sare bat sustatzea eta eskualdeen arteko lankidetza proiektuak garatzea.
Ekitaldia zuzenduta dago lurzoruaren kudeaketa eta sustapeneko profesionalei, batez ere, sustatzaileei, Enpresa Eremu eta Industri Parkeetako kudeatzaileei, Lurralde Antolaketa sailetako zuzendariei eta munduko eskualde eta autonomi erkidegoetako hirigintzako profesionalei eta kudeaketa teknikariei.
Bertaratutakoen %30 lurzorua kudeatzeko sozietateetakoak dira, %23 arkitektura eta ingeniaritzako elkarteetakoak, %23 eskualde mailako garapen agentzietakoak, %18 udal eta aldundietakoak eta gainerakoak Unibertsitateetakoak, Teknologi Elkartegietakoak eta erakundeen enpresa sustapen sailetakoak.
Programa eta hizlariak
Ana Agirre Industri sailburuak eman dio hasiera PROINLAND-i. Bertan izan dira baita ere, Mauri Lazkano, Sprilur-eko presidentea eta José Miguel Artaza, Proinland-eko Batzorde Antolatzailearen presidentea eta Sprilur-eko zuzendaria.
Gaur goizean, ondorengo gaiak jorratuko dira: "Lurzoruaren politikek industrien kokapenean duten eragina" ( Frantziako, Britainia Handiko eta Estatuko hizlariek parte hartuko dute baita Yves Gitton-ek ere, Parisko Val d´Oise-ren zabalkuntza ekonomikoaren batzordeko arduradunak) eta "Berrikuntzaren alorrean azpiegiturak kudeatzeko eredu berriak" (parte hartzaileak: Josep Miquel Piqué, 22@Barcelona-ren aholkulari delegatua eta Julio Ondategui, Madrilgo Erkidegoko ikertzailea). Arratsalderako bi tailer antolatu dira: "Ba al daude jarduera ekonomikoak egiteko espazioen marketinerako faktore berritzaileak?" eta, "Zeintzuk dira enpresa eremuak kudeatzeko jarduerarik berritzaileenak?". Atal honetan parte hartuko dute, besteak beste: Marisa Negrete, Espainiako Industrialdeen Koordinakundeko idazkari nagusia (CEPE) eta Fernando Mora, Herri Administrazioko Institutu Nazionalaren abokatua, hirigintzan aditua.
Astearte goizeko gai nagusia hauxe izango da: "Industria ondarearen birgaitzea: enpresen irudiaren sustapena eta erabilera mistoen bidezko balioespena". Bertan izango da Innobasque-ko Berrikuntza Teknologikoaren zuzendaria den Guillermo Dorronsoro, besteak beste. Gainera, bi tailer ere burutuko dira: "Nola aplikatu berrikuntza teknikoak industrialde bat iraunkorrago bilakatzeko?" eta "Ekimen pribatuek eta erakunde publikoek elkarrekin lan egin dezakete lurzoruaren kudeaketa eraginkorrago bat lortzeko?".
Arratsaldean, topaketaren azken hitzaldia egingo da: "Berrikuntza eta sorkuntza, lurraldea kudeatzeko erremintak". Hitzaldia Elise Lusseaud-ek eskainiko du, hots, Bordeleko Hirigintzako Plangintza eta Kudeaketa Zuzendaritzaren arkitektoak. Topaketari amaiera emateko ekitaldia arratsaldeko 17:00etan izango da eta bertan parte hartuko dute Izaskun Artetxe Bizkaiko Berrikuntza eta Ekonomi Sustapenerako foru diputatuak eta Julián Sánchez Alegría Sprilur-en presidenteorde exekutiboak.
Informazio gehiago
|
|
 |